Erakunde komunikaziora begira, arlo digitalari dagokionez, badira "etxeko lanak" betetzen ari diren zenbait webgune. Buber Sariak honen adierazle bihurtu dira. Sari hauen bidez urtero euskal webgune hoberenak saritzen dituzte.
Epaimahaiak sariak banatzeko jarraitzen dituzten irizpideen artean ondokoak daude: egindako esfortsua, kalitate artistikoa, diseinua, egituraketa, erabilgarritasuna (negozio zein zerbitzu publiko gisa) eta edukien aberastasuna.
2011ko sarituen artean Justizia.net webgunea aurkitzen dugu. Euskadiko Justizia Administrazioaren webgune hau, erabilgarritasuna hobetzeko helburuarekin jaio zen. Horretarako webguneko sarbidea erraztu zuten, edukiak egitura logiko baten arabera antolatuz eta interneteko lengoaiara egokituz: testu, izenburu eta esteketan lengoai argi eta zehatza erabiliz.
Webgunearen helburuetako bat edukien maneiatzea erraztea da, horretarako mugak edota oztopoak ezabatuz, batez ere, gaitasun pertsonal edo ez jakintasun teknologikoei dagozkionak.
Erabilgarritasunari begira webguneak diseinu sinple eta eraginkorra du; gainera, irudi korporatiboa mantentzen du, kolore urdin eta zuriak oinarri hartuz. Erabiltzaileei justiziaren inguruko albisteak eta informazio orokorra eskaintzen die (blogaren bidez adibidez), eta ez hori bakarrik. Webguneak izapideak internet bidez egiteko edo prestatzeko aukera ematen du ere.
Justizia.net webgune bat eraginkorra eta erabilgarria izan behar duela erakusten du, horretarako egitura on bat prestatzea beharrezkoa da, eta hau webgunearen mapan ikus dezakegu. Justizia.net ez da 2011an saria jaso zuen webgune bakarra, hauek dira beste kategoria batzuetan sarituak izan ziren orrialdeak:
Erakunde komunikazio proiektu bat aurrera eramateko orduan, eta hau eraginkorra izatea lortu nahi badugu, zenbait elementu kontuan hartzea komeni da. Zortzi dira bete beharreko pausu nagusiak:
Paradigma aukeratu: zein paradigmaren alde egingo du enpresak, zein funtzio beteko duen komunikazioak, zein da enpresak gizartearen inguruan duen ikuspuntua...
Filosofia eta erreminten uztartzea: enpresek ondo neurtu behar dituzte proiektuak aurrera eramateko dauden baldintzak, eta hauek gauzatzeko beharrezkoak izango diren erremintak. Hauek enpresaren filosofia zabaltzeko baliagarriak izan behar.
Kontzientzia digitala: web 2.0 tekniken alde eginez gero, enpresako lankideek hauek erabiltzen dakitela ziurtatu behar dugu. Kontzientzia digitala izan behar dute gaur egungo langileek.
Barne langile eta kanpo erabiltzaileak: enpresek erakunde komunikazioa lantzerakoan bereizketa hau egin behar dute. Barne langileei begira nolabaiteko rolak edo hierarkia bat zehaztea komeni da.
Pausuz pausu: erakunde komunikazioa diseinatzearen prozesua luzea da, pixkanaka joan behar. Ezin dezakegu dena batera martxan jarri. Teknologiek administrazioetan eraginkor izaten lagundu behar dute, lan eredua aldatzen lagundu eta ez oztopatu.
Partekatzea: gure ezagutzaren inguruan zein atal zabalduko ditugun eta zein gorde erabaki behar.
Erabiltzailearen profila: hau definitu behar, bi aldeetatik gainera: kanpoko erabiltzailea eta barruko erabiltzailea. Hau kontuan hartuz eraikiko dugu erakundearen komunikazio sistema.
Kode berriak: internetek hizkuntza propioa du, sinpleagoa, erakargarriagoa. Kode hauen erabilpena gure helburuekin bat egin behar dute.
Komunikazioaren etengabeko aldaketaz jabetu behar gara, bai indibidualki bai erakunde baten ikuspegitik. Komunikazioa digitalizatu beharra dago, kode berriak aplikatu, erabiltzailearen profil berri baten eskakizun posibleak asetzeko. Erakunde komunikazioak estruktura finko bat izan behar du, non helburuak ondo definituta egon beharko diren. Aurreko puntuak kontuan hartu behar dituzte erakundeek komunikazio eredua planteatzeko orduan, helburu nagusi bat zehaztuz: eraginkortasuna.
Erakunde komunikazioaren esparrua zabala da, eta honi buruz hitz egiten dugunean hiru alderdi hartu behar ditugu kontuan gure proiektuak arrera ona izatea lortu nahi badugu:
E-informazioa: erakundearen inguruko informazioari dagokiona: albisteak, deialdiak, informazio bolumena... Informazio hau zabaltzeko baliabide desberdinak ditugu gaur egun, adibidez: webguneak, sare sozialak, RSS bidezko harpidetzak, blogak...
E-kudeaketa: erakunde komunikazioa ez da soilik erakundearen kanpo irudiari begira kudeatzen. Hau eraginkorra izan dadin barne kudeaketa ere ondo landu behar da. Horretarako kudeaketa errazten duten baliabideak aplikatu daitezke: intranetak, eskabideak, ingurune pertsonal ona sortzea...
E-lankidetza: teknologia berriek erakunde komunikazioari begira ekarri dituzten abantailen artean lankidetza errazten duten baliabideen sorrera aurkitzen ditugu: wikiak, sare sozial itxurako produktuak, bideo konferentziak...
Hauek garatzeko orduan eta erakundearen interes eta helburuak kontuan hartuz, 1.0, 2.0 edo 3.0 sistemen erabilpena zehaztuko da. 3.0 jarrera oraindik ez du adostutako definiziorik, eta 1.0 sistema zaharkituta geratu da. Hori dela eta, 2.0 euskarrien integrazioaren aldeko jarrera da nagusi erakunde komunikazioan.
Web 2.0 komunikazio tekniken baitan eraginkorrenak blog eta sare sozialak dira. Blogei esker informazioa erraz hedatu eta eguneratu dezakete erakundeek. Horretaz gain, hartzailearekiko elkarrizketa pizteko aukera ematen dute ere. Hauek idazterako orduan kontuan hartu behar da internetera bideratutako informazioa dela, horregatik zehatza eta argia behar du izan. Sare sozialak, blogak baino hurbilagoak dira, eta helburu zein funtzio desberdinak betetzeko erabiltzen dituzte erakundeek: komunikatzeko, partekatzeko, harremanak kudeatzeko, entretenitzeko...
Beraz, erakunde desberdinak interneten presente egon behar dira, gaur egun komunikazio eraginkor bat landu nahi badute. Kanpo irudiari begira hurbilak izan behar dute, eta horretarako aipatutako teknikak bikainak dira. Hori bai, hauek eraginkorrak izateko, lortu nahi duten helburuak zehaztea beharrezkoa da.
Nire jarduera profesionalari buruz eta aldi berean nire pertsonaren inguruan informazio pixka bat zabaltzeko helburuarekin idazten dut blog sarrera hau. Dakizuenez, nire izena Naiara Gonzalez da, barakaldotarra naiz eta 23 urte ditut. Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua naiz, EHU Leioan.
2009.urtean "Hamaika Telebistan" praktikak egin nituen hiru hilabetez; bertan funtzio desberdinak bete nituen hauen artean ondokoak aurkitzen dira:
Kontribuzioaren kaptura eta edizioa
Albiste eta erreportajeen grabaketa
Albiste testuen idazketa eta off ahotsaren grabaketa
Albisteen edizioa
Esparru profesionaletik at, beti ikus-entzunezkoei lotutako ekintzetan parte hartzea gustatzen zait. Adibidez, Mungian grabatutako lipduba, edota zine lehiaketa "express"-etan: "Portu Express", "Zinebi Express" eta "Kameratoia". 2009.urtean "Urak eramandakoa" izenburuko film laburraren grabaketan parte hartu nuen "Zinebi Express" lehiaketarako.
Zinezale eta zine blogaria naiz. Idaztea gustatzen zait eta nire zineblogen bitartez (bata euskaraz eta bestea gazteleraz) niri iritzia sarean partekatzen dut.
Lan handia eskatzen dute bi blogek, baina gustora egindakoa da. Euskaraz idatzitako zinebloga dela eta, duela gutxi Euskadi Irratiko "Mezularia" saioan elkarrizketa bat egin zidaten, hemen duzue entzungai: http://bit.ly/A1elSF
Hizkuntzei dagokienez euskaraz aparte, ingelesez ondo moldatzen naiz. Euskal hedabide batean aritzea gustatuko litzaidake batez ere zinea edo kulturarekin harremanduta dauden esparruetan. Nire jardunaren berri izateko beste bide bat Twitter sarea da: @naiara_glez
Hiru bideo ditugu aztergai, hauetatik bi fikziozkoak dira eta bat informatiboa. Horrek itzulpena baldintzatuko du. Bideo informatiboak irailaren 11n gertatu zen atentatuen irudiak erakusten dizkigu. Generoa kontuan hartuz, kazetaria, Ana Blanco kasu honetan, ahalik eta neutralen izan behar da, ahozko narrazioari begira, eredu normatibizatzailea erabiliko nuke, eredu estandarra zabaltzeko xedea duen hori. Ahozko testu hau euskara zuzen batean egitea komeni da. Testu egokia izan behar du, honen xedea informatzea delako. Gaztelerazko bideoan agertzen den bezala, Bush-en adierazpenak berdin mantenduko nituzke, une kritikoa delako. Noski, euskarazko azpitituluak aurretik aipatutako zuzentasun eta egokitasunari jarraituz itzuli beharko dira.
Fikzioei begira kontrakoa gertatzen da. Eredu normalizatzailearen alde egingo nuke hauetan. Aipatu behar dut, aztertu beharreko klip zatia ezin izan dudanez ikusi, pelikula osoaren nondik norakoetan oinarrituz egin dudala euskara ereduaren aukeraketa. Behin hau zehaztuta, zera esan daiteke: Mario Casasen pertsonaia hasieran "berezia" da, friki eta lotsatia. Hau adierazteko euskararen eredu estandarra erabiliko nuke hasieran. Formala. Ez eroso dagoelako, hanka sartu nahi ez duelako. Honen lagunak aldiz, euskara eredu jatorrago batean hitz egingo dute, euskalkian adibidez, lagunarteko giroa dagoelako hauen artean, hurbiltasun gehiago. Ijituaren rola interpretatzen duena bereiztuko nuke ere, honen hizkera ez zuzena izango zen, batzuetan ez egokia gainera. Protagonista erosoago sentitzen doan heinean honen euskara eredua jatorragoa bihurtuz joango da.
Azkenik, Torrenteren bidoa dugu, seguruenik filmaren eszenarik ezagunenetakoa. Honetan euskara jatorra izango da nagusi. Batzuetan erdarakada batzuekin nahastuko nuke euskara eredua, hizkuntza "zikintzeko". Zaila da atal hau euskara itzultzea. Pertsona ez atsegina da Torrente, eta hori honen hizkeran islatu beharko litzateke. Torrenteren bertsio euskaratua bideoan ikus dezakezue, azpitituluekin.
"Berak bazekien handik landa ez zituela bi txanpon zoragarri haiek gehiago ikusiko, ez zuela gorputz bihurgunetsu haren goritasuna bere esku loratuetan gehiago sentituko, ez zutela inoiz jada hitz melodiatsu goxoek gehiago goiz-alba zetorrenean iratzarriko. Eta pentsatu zuen, bere buruari atzipe egin nahian bailebil, laster ohituko zela maitearen presentzia ezaren oinazera, bakardadearen isiltasun ilunera. Era berean pentsatu zuen, bere buruari iruzur eginez jarraituz, aurki zituela ahantziak irribarre amaigabe, begirada galdu eta ibilera erritmiko haiek. Baina lehen gau bakartian katu beltz orojakileen auhenak izan zituen adiskide soil bezain tristeak, eta orduantxe konturatu zen, izuaren izuz, bere behatzen ferekak gorputz baten faltan aurkitzen zirela, bere hitz-jarioaren oihartzunak ez zuela bere belarri-xilio zatartuetan baizik durundirik; eta begietako itoginak agortzen ez zitzaizkion goiz-ñabar batean eguzki ihintzatuak sugarren bete zuen bere logelaren osotasuna. Hantxe kixkali ziren, bakardaderik infinituenean, maiteminduaren azken oroimen eta negar malutak."
Beti bezala testu batek interpretazio desberdinak izan ditzake. Irakurketa bakoitzak gauza desberdinak iradoki ditzake irakurlearentzat, hitz bakoitzak esanahi desberdinak baldintzatuz. Hona hemen nire interpretazioa.
Irudiak interpretazioa baldintza dezake
Testua eta irudia lotzerako orduan hau izan da nire aukeraketa eta interpretazio librea. Honetan hitz batzuk izan dira gakoak. Koadroan gizon eta emakume bat ikusten ditugu. Euren harremana ona ez dela dirudi. Ez daude elkarri begira. Maiteminduta egon ziren, jada sentimendu horiek ez dira existitzen ("Kixkali" egin dira testuan dioen bezala). Atzean ikusten dugu emakumearen gorputz bihurgunetsua. Nahiz eta espazio fisiko bera konpartitu, gure bi pertsonaiak bakarrik daude. Eguzkiak argiz betetzen du iluntasunean murgildutako logela.
Gizona pentsatzen dabil, iragan zoriontsu bat gogoratzen agian. Hau izan da haien harremanaren azken eguna. Maitasuna desagertu egin da. Gizonaren ihesbide bakarra "maiteminduaren azken oroimenak" gordetzea izango da, bakardadean.
Musikak esanahia baldintza dezake
Zalantzak izan
ditut musika aukeratzerako orduan, koadro eta testua behin uztartuta. Musika
aukeratzean bi eszena “tipo” burura etortzen zaizkidalako. Lehenengo aukera
musika instrumental dramatiko bat jartzearena da, Beethoven-en ‘Moonlight sonata’adibidez. Musika
hau tristura iradokitzen du, tonu baxuak erabiltzen ditu, geldoa da. Gizonak,
emakumea uztearen erabakia hartu du. Erabaki zaila. Abesti hau gizonak benetan hartu nahi ez zuen erabaki baten dramatismoa adieraz dezake.
Instrumentala izanik, testua, ahotsa, off-ean jarriko nuke. Gizon baten off
ahotsa. Musika eta ahozko testua uztartuz.
Aldiz,
bigarren aukera abesti bat jartzearena da, eta honek garrantzi narratibo eta dramatikoa izatea. Jacques Brel frantsesaren ‘Ne me quitte pas’ (‘Ez nazazu utzi’) abestia zehazki. Abesti hau erromantikoa da, erregu
bat da. Gizon batek bere emakumeari ez uzteko eskatzen dio. Bigarren aukera bat
eskatzen dio. Promesak egiten dizkio, bere iragan zoriontsua gogoratzen dio. Testuak
iradoki dezakeen antzera. Testuan gizonak emakumea utzi egin du. Esan bezala,
maitasuna desagertu egin zela pentsatzen zuelako. Bere gelan bakarrik dagoen
arte, bakardadean iragan horren falta duela ohartzen delako ("Baina lehen gau
bakartian katu beltz orojakileen auhenak izan zituen adiskide soil bezain
tristeak, eta orduantxe konturatu zen, izuaren izuz, bere behatzen ferekak
gorputz baten faltan aurkitzen zirela"). Batek daki, bigarren aukera batentzako
lekurik egongo den. Jacques Brel-en
abestiaren letrak zera dio…
“Ne me quitte pas. Il faut oublier, tout peut
s’oublier, qui s’enfuit déjà, oublier le temps, des malentendus, et le temps
perdu, a savoir comment, oublier ces heures, qui tuaient parfois, a coups de pour quoi, le coeur du
bonheur. N eme quitte pas (…)
“Ez nazazu utzi. Ahaztu beharra dago. Dena ahaztu
daiteke. Jada alde egin duena. Ez ulertze garaiak. Denbora galdua. Argitzeko.
Ordu horiek ahaztu, batzuetan hiltzen zuten ordu horiek, zergatien kolpez,
zoriontasunaren bihotzera”.
On a vu souvent, rejaillir le feu, de l’ancien
volcan qu’on croyait trop vieux. Il est paraît-il, des terres brûlées, donnat
plus de ble’ qu’un meilleur abril, et quand vient le soin, pour qu’un ciel
flamboie, le rouge et le noir. Ne s’épousent-ils pas (…)”
“Askotan ikusi egin da, suaren berpiztea.
Aintzinako sumendi batena, zaharregi zirudiena. Badira erretako lurrak, apiril on
bat baino gari gehiago ematen dutenak. Eta gaua datorrenean, zeru bat sutan
egon dadin, gorria eta beltza, ez al dute bat egiten?”
Komentatu
genuen testuaren protagonistak, helduak edo adineko pertsonak zirela. Abestia
1959. urtekoa da. Jacques Brel berak bere bikotea utzi ondoren idatzitakoa. Letra esanguratsua du, eta eszenan
presente egongo lirateke. Agian irrati batean igorrita. Abesti hau aukeratu dut
testuaren egoera ondo adierazten duela pentsatzen dudalako. Aukeraketa honek
aurrekoan ez bezala, ez du off ahotsaren beharra eskatzen. Abesti honekin gizonak egindako aukeraz damutu egin dela indartzen da.
Internet ikus entzunezko produktuen kontsumorako euskarri ezinhobea da. Gure transmedia proiektua hori kontuan hartuz jaio zen. Scripters web seriea gidoigintzaren munduan oinarritzen den fikzio soziala izango da. Baskstage ekoiztetxean praktiketan hasi diren bost bekadunen tirabirak erakutsiko dituena. Gure protagonistek euren gatazkak islatuko dituzte bere gidoietan. Telebista gidoigintza oinarri hartuta, formatu eta genero desberdinak landuko dituzte. Bizitzaren tragikomikotasuna landuko duen web seriea izango da, aldi berean gidoilariaren figura aldarrikatuko du ere.
Esan bezala, web serie soziala izango da. Funtsezkoa izango da jendearen parte hartzea, publikoaren iruzkinak. Ikusle edota erabiltzailea gidoilari sentiaraztea bilatzen dugulako. Astero 10-15 minutu bitarteko kapitulu bat emitituko da eta 5 minutuko sketch bi. Kapituluek ildo narratiboa osatuko dute, eta sketchak osagarriak izango dira. Sare sozialetan (Youtube, Facebook, Twitter zein Tuenti-n) jasotako iruzkinek sketchen edukietan eragin zuzena izango dute.
Denok izan gara bekadun, denok dugu istorio bat kontatzeko. Anima zaitez, eta parte hartu! Kontaiguzu zure esperientzia!
Flashmob-ak bestelako komunikaziorako elementu bihur daitezke, baina ez dira zertan zerbait aldarrikatzeko helburuarekin egin behar. Batzuetan soilik zerbait berezi egiteko gogoa nahikoa da jende talde bat biltzeko, entsaiatzeko eta primeran pasatzeko. Hiru minutuko koreografiako dantza baterako prestaketa ordu asko behar dira. Musika herrian (kasu honetan Mungian) jarri ahal izateko, baimenak eskatu behar dira ...
Dantzariez aparte, zenbait kamara kokapen aurreikusi behar dira eta hauek flashmob-a egingo den tokiaren inguruan banatu. Lipdub-a grabatu ondoren, hurrengo gauza flashmob bat grabatzea izango zela komentatu genuen. Hau da lortutako emaitza.
Graxianaren bidaia amaitu egin da. Zuen iritziak kontuan hartu ditugu ahalik eta amaierarik dotoreena emateko. Zuen gustukoa izatea espero dugu. Agur Graxiana!
Informazioa boterearen adierazle da. Informazioaren trafikoa maneiatzen dutenek gizartean eragina dute. Hedabideek igortzen duten informazioa gizartea egituratzn dute, hau da, hedabideek betidanik erabaki dute zer informazio eman eta zer informazio gorde. Beraz, masa hedabide tradizionalek igortzen duten informazio horren inguruan egituratuko da iritzi publikoa.
Zorionez, egoera hau aldatu egin da. Informazioaren globalizazioari aurre egiteko bestelako komunikazioa agertu da, indibiduaren informazio eskubidea aldarrikatzen duen matxinada/mugimendu/ekintza soziala. Masa komunikabideek herritarren hitzari ez diote balio nahikorik ematen. Mugimendu berriek aldiz, komunikazio bide berriek alegia; herritarren hitza dute oinarri eta hau ahalik eta modurik berritzaileenean hedatzen saiatzen dira, horretarako irudimenari garrantzi handia emanez.
Komunikazio bide berriak sortzea beharrezkoa da, informazioa iturri desberdinetatik jasotzea ziurtatzen baitu, heterogeneotasunaren mesedetan. Hala ere, eredu hauek gizartean trinkotzea zaila da. Ez da bat-bateko ekintza. Lehenik mugimendu berri batek bere ideia zabaldu nahi badu, arreta deitu beharko du, adibidez lip-dub bat grabatuz, interneten hedabideak sortuz ... Helburu zehatz batekin ematen dira bestelako komunikazioak. Hauen erronka nagusietako bat da behin interes publikoa piztuta honi jarraitasun bat eman behar zaio helburua lortu arte.
Martxoak 15 mugimendua, Madril.
Bi elementu hartu behar ditugu kontuan bestelako komunikazioari buruz hitz egiterako orduan, batetik gizarte mugimendu berrien loraldia; bestetik teknologia berrien agerpena. Azken hauek komunikazioaren panorama aldatu dute. Teknologia berriei esker hiritarra kazetari bihurtzen da. Informazio jarioan subjektu bihurtzen dira baliabide desberdinak erabiliz (internet, kamera digitalak...). Iraultza multimedia honetan, sare sozialek ezinbesteko garrantzia dute (Twitter batez ere). Herritar-kazetari hauek internetera igo duten informazioa sare sozialetan partekatu eta hortik mundu osora zabaltzen dute. Gizarte mugimenduei dagokioenez, internt-ek panorama goitik behera aldatu egin du. Sare sozialen erabilpen ona egitea funtsezkoa bihurtu da mugimendu bat aurrera egin dezan. Komunikazio sistema ona eraiki behar dute aldarrikatzen duten hori herritarrengan eragina izateko. Euren 'produktua' ondo saltzen jakin behar dute.
Ohiko komunikazio kodeak zaharkituta geratu dira jarrera multimedia berrien aurrean. Hiritarrek euren iritziak gainontzeko erabiltzaileekin partekatzen dituzte teknologia berriei esker talde moduan eragin handiko elementu bihurtuz. Indibiduoak banaka ez gara ezer, pertsona bakar batek ez du atentzioa deituko. Hala ere, pertsona bakar horrek teknologiei esker arreta deitzen badu, eta beraren ideiekin bat datozen pertsonekin biltzen bada, "jarraitzaile" kopurua gora egin heinean, euren eragina gizartean handiagoa izango da, adibidez, Martxoak 15 mugimendua.
Masa hedabide tradizionalak duen menpekotasunarekin amaitzeko unea da. Herritarrra da bestelako komunikazioa posible izateko motorra, hau martxan jarri behar. Multimedia jarrera zein bestelako komunikazio baten aukera dagoela hasieratik finkatu behar da gizartean, horretarako aldaketaren oinarri hezkuntza, komunikazioa eta kultura bihurtu behar dira. Multimedia ondo ezagutzen badugu, honek eskaintzen dituen aukerak ondo aztertuzgero, gure mezua ahalik eta gehien hedatzeko gaitasunak lortuko ditugu. Herritarrak jada komunikazioan aktiboki parte hartzen hasi dira, informazioa jasotzeko ehunaka iturri berri sortu dira. Plataforma eta euskarri desberdinek elkarlarean aritu behar dira ahalik eta informazio osoena eskaini ahal izateko. Iraultza kultural baten baitan gaude, non jendeak teknologia berriak maneiatzen ikasten duen heinean, bestelako komunikazioaren ideia arrakastatsuago izango den.
Zibertestu bat egiterako orduan zenbait erabaki hartuko ditugu kontuan. Erabaki hauek testuan eragina izango dute, hau da, erabaki linguistiko testual desberdinak hartuko ditugu egin nahi dugun produktuaren arabera. Erreportaje baten ekoizpena adibidetzat hartuz, zenbait pausu bereiz ditzakegu:
Lehenik eta behin gure erreportajearekin zer komunikatu nahi dugun erabaki behar dugu, gaia eta gure produktuan interesa izango duen publikoa zehaztuz. Gure erreportajearekin xede talde batera zuzentzen gara eta horrengan interesa piztu behar duen produktu bat ekoitzi behar da. Hartzaileak baldintzatzen dituen elementuen artean hizkuntza mailarena dago, adibidez, hartzailearen arabera testu mailan hizkuntza formal edo informalago bat erabiliko dugu. Gainera, gure erreportajea izango duen hedapena aldez aurretik zehaztu behar dugu hizkuntza erabakitzeko eta azpitituluak izango dituen ala ez zehazteko.
Publikoa eta gaia zehaztu ondoren erabaki linguistiko testualetan eragina izango duen hurrengo elementua generoaren aukeraketa izango da. Helburu diskurtsiboarekin oso lotuta dago erabaki hau, baita azpigenero baten baitan kokatu behar. Elkarrizketak, testuak helburu informatiboa izango duen, entretenimendurako produktua izango den... Generoak egitura mota bat ematen du, estilo bat, nolabait moldagarria den estruktura edo txantiloi bat aukeratzen dugu generoa zehazterakoan.
Erreportajea genero baten baitan kokatu ondoren zirriborrotze bat egitea komeni da, storyboard baten antzekoa, gure erreportajeari itxura ematen hasteko. Zirriborro horretan erreportajearen osagaiak zeintzuk izango diren zehaztuko dira: off ahotsa izango duen, zenbat elkarrizketatu, zein egitura izango du elementu bakoitzak, sarrera bat egongo den ala ez, adierazpenak non eta nola kokatuko diren... Produkzioarekin lotuta dagoen urratsa da.
Dokumentazio lanari dagokionez (urrats hau lehenago egin daiteke ere), behin erreportajearen ziriborroa eginda lortutako informazio guztia testuarekin nola uztartuko dugun zehartu behar. Lortutako informaziotik zein testu eta irudi erabiliko dugun, zein baztertu, zein jarri lehenago, zeini eman garrantzi gehien, zein elementu bihurtuko da erreportajearen oinarri...
Erreportajeak (produktuak) izango duen diseinuari begira, beharrezkoa da erreportajea produktu multimedia bezala ulertzea. Multimedia baliabideak kontutan hartuz testua hauetara egokitu behar dugu, horretarako hoberena, produktu moldagarri baten diseinua egitea da. Hedabide bakoitzak bere berezitasunak dauzka eta hauek kontuan hartu behar dira produktuak izango dituen aukerei begira: linealtasunik izatea ala ez, interaktibitate maila handia edo txikia izango duen, zein euskarrietan zabalduko den ...
Aurreko elementuak zehaztu ondoren eta hauek baldintzatzen dituzten erabaki linguistiko diskurtsiboak kontuan hartuta, azken pausua produktuaren edizio lanarena izango da.
Zugarramurdiko leizean akelarre bat ospatuko da. Maddi bere lagunekin geratu da bertan gaua pasatzeko. Bere logelan dago gau berezi honetarako dotore jartzen, baina... bat-batean... Zerbaitek izutu egin du! Graxiana? Nor ote da Graxiana?
Zer gertatuko zaie Graxiana eta bere lagunari? Aintzinako sorginen modura harrapatu eta erre egingo dituzte? Interneten 'trending topic' bihurtuko dira? edo Youtubeko erregin?
Ea ba zer bururatzen zaizuen! Gogoratu zuen iritzia funtsezkoa da Graxianaren etorkizuna zein izango den erabakitzeko!
Euskara eta sarea. Ba al dute elkarbizitzerik bi kontzeptu hauek? Hortaz aritu ziren euskal hedabideen zenbait ordezkarik EHU-n ospatutako "Euskararen komunitate birtualen" inguruko jardunaldian. Luistxo Fernandez (SUSTATU), Lontzo Sainz (EITB.COM), Maite Goñi (EUSKAL JAKINTZA), Lander Arbelaitz (ARGIA), Idurre Eskisabel (BERRIA.INFO) eta Hasier Etxeberriak (ZUZEU) interneten euskal komunitaterik dagoen ala ez abiapuntu izanda gaiaren inguruan eztabaidatu zuten. Bi ondorio nagusi atera ziren: interneten euskaraz dabil kalean euskaraz dabilena eta instituzioen aldetik laguntza jasotzea beharrezkoa dela hau aurrera eramateko.
Internet baliabide ezin hobea da euskaldunen arteko harreman-sareen trinkotzea lortzeko. "Internetek ez dio kalterik egingo euskarari" - azpimarratu zuen Luistxo Fernandez-ek - "Bitartekoak hor daude, eta euskarak interneten presentziarik ez badu jendea erabiltzen ez duelako da, ez baliabideen falta dagoelako". Beraz, euskaraz ahalik eta eduki gehien eskaintzea beharrezkoa da, hizkuntza ahalik eta gehien zabaltzeko.
Internet "bigarren bizitza" baten antzerakoa dela komentatu zuen Hasier Etxeberriak. Honetan lagunak egiten ditugulako, komunitate txikiak sortzen direlako interesgune berdin baten inguruan, baita "etsaiak" izan ditzakegulako ere... Baina komunitate kontzeptuari buruz hitz egiten dugunean, zalantzak sortzen dira honen existentziaren inguruan, batzuk diote ez dagoela, beste batzuk aldiz, Twitter-en adibidez, euskal komunitateak gero eta presentzia gehiago duela defendatzen dute.
Euskararen tinkotze honetarako beharrezkoa da ahalik eta eduki gehien euskaraz ekoiztea. Adibidez, sare sozialen portada orriak euskaraz jarriz, edota pixkanaka edukiak euskarara itzultzen hasiz. "Euskararen paisaia linguistikoa zabaldu beharra dago" aipatu zuen Lander Arbelaitz-ek. Google-en bezalako bilatzaile batean presentzia handiagoa lortu behar. Elementu irekia denez, euskarazko edukiek gora egiten duten heinean, bilatzaileak arreta gehiago jarriko dio euskarari itzultzeko aukerari dagokionez.
Euskarak interneten tokia izan dezan zenbait pausu eman beharra dago, norbanakoaren jarrera aldaketarengatik hasita. Adibidez, euskaraz duen 'hizkuntza zaharkituaren' zama kentzeko aukera dugu interneten; teknologia berriak etengabe aldatzen doaz eta hauetan euskararen presentzia ahalik eta arinen egon behar du; aukera berriak ematen ditu euskal jendearengana hurbiltzeko sare sozialei esker adibidez, eta hauek ondo ustiatzen ikasi behar dugu. Interneten euskara egon behar da, egotea da garrantzitsuena.
Arazo batekin topo egiten dugu finantzaketari buruz hitz egiterakoan. Euskara interneten lekua izan dezake baina zenbait muga zehaztu behar ditugu. Interneten euskaraz dauden gauza gehienak kostu txikikoak dira. Autofinantzaketa ez da posiblea. Paperezko edizio baten existentzia beharrezkoa da interneteko edizio digitala bideragarria izateko, dirua paperezkoan dagoelako eta ez sarean. Hedabide baten finantziazio oso bat internetek ematen dituen etekinetan oinarrituz gero, ez luke denbora asko iraungo. Beraz, une honetan, hizkuntza politika baten beharra dagoela argi geratzen da. Egoera ekonomikoa latza da, euskarak interneten ez baitu diru laguntzarik jasotzen. Interneten inbertitzea elementu garrantzitsua da, administrazioak lagundu beharko luke euskararen presentzia handiagoa izatea lortzeko.
Euskararen presentzia behin betikoa bihurtu dadin, estrategia batzuk finkatu beharra dago. Hedabide gehienen ordezkariak ados daude interes gunea gazteengan dagoela. Publikoa ahalik eta azkarren harrapatu beharra dagoelako. Euskarak interneten gazteentzat funtzio gehiago lortzea ondo egongo litzateke normalizatu dadin. Hala ere, kalean ere aldaketa bat eman behar da, gero hori internetera eramaterako orduan eragin handiagoa lortzeko. Aldaketa hori arrakastatsua izan dadin, lehenik eta behin argi izan behar dugu zeintzuk diren jendearen jarrera eta interesak. Jendearengana jo behar dute hedabideek eta ez jendea itxaron.
Pixkanaka pausuak ematen hasi dira euskara interneten presentzia izateko, normaltasuna lortzeko. Horretarako estrategia nagusia hau izango da: Euskara interneten erabiltzea (edukiak sortuz, iruzkinak idatziz, blogetan, sare sozialetan...)
Ohituta gaude istorioak ikustera edota irakurtzera baina gutxitan entzuten ditugu. Hau da nire prosamena. Oinarrian negua izanik, gabon-zahar edo urte-zahar gauera bidaiatzea proposatzen dizuet. Gizon bat bere etxean dago nekatuta, norbaitekin geratu da gau berezi hori batera igarotzeko. Baina, zer gertatu da?
ZUZEU
albistaria euskarak interneten lekua erakusten duen adibide argia da. Blog
formatuan oinarrituta, hartzaileen parte hartzea bilatzen dute informazioa
ematerako orduan. Hedabide bera bihurtzen da modu horretan euskararen
normalizaziorako baliabide.
Komunikazio eredu dinamiko, berritzaile eta
erakargarri bat eskaintzen du. Erabiltzaileek egiten duten albistaria da eta
horrek euskararen aldetik aberastasuna egotea ekartzen du. Euskara batua nagusi
da, bai. Baina iruzkinak idazterako orduan erabiltzaileen kutsu pertsonala
nabaritzen da, euskara maila desberdina duen audientzia dutela erakutsiz.
Jarrera aktiboa bultzatzen du eta euskaraz idazten trebatzeko erreminta ezin
hobea da. Twitter, Facebook eta antzeko sare sozialen bidez euskara mundura
zabaltzen dute ZUZEU-n ere. Ekintza honek euskara modernizatu eta gaurkotzen
du, hainbeste aipatzen den informaltasunera hurbiltzea lagunduz.
Gai desberdinak jorratzen dituzte titular, argazki
eta sarrera laburren bidez (beti ere sakontzeko aukera emanez). Hedabide
heterogeneo bat da, gehiengo bati ulergarria izango zaioen euskara erabiltzen
duena. Euskararen normalizaziorako adibide izateaz gain, hedabide parte
hartzaile bat izan behar lukeenaren adibidea ere bada.
ZUZEU-n gehiago sakondu nahi? Klikatu ezazu
bideoan Nickdutnik saioan egindako erreportajea ikusteko.
Gaur egun internetek gure aisialdiaren parte handia betetzen du, bai produktu arin baita sakonak eskainiz. Euskal hedabideek aisialdi hori betetzen saiatzen dira, proposamen desberdinak eskainiz. Inor ez da kanpo geratzen: haurrak (hiru3),
gazteak (GazteZulo), helduak (Berria); musikazaleak (Euskadi Gaztea), literaturzaleak (Literatur
Mikropilulen Farmatzia)…
Euskaraz ekoiztutako multimedia indarra hartzen doa audientzia euskaldunaren artean. Eskaintza etengabe hazten doa, interneteko hedabideek hartzaileen nahiak betetzen saiatzen baitira.
Horretarako badira bere lana Euskal Herriko gizarte orokorrari zuzendutako hedabide generalistak (EiTB, Berria …) edo tokian tokiko informazioa
bere bereizgarri bihurtzen dutenak (Hitza,
Goiena, Tokiko
TV…). Euskara eredua desberdina izango da hedabide zein euskarriaren
arabera, hau kontuan hartuz hedabide orokorretan euskara batua izango da
nagusi, eta tokikoetan aldiz, eskualdeetako euskara.
Interneteko hedabide hauek edukiak lantzerako
orduan kontuan hartu behar dituzte hartzaileen adin eta interesguneak, horiei
ahalik eta hoberen erantzuteko eta edukiak era egokienean tratatzeko. Adibidez,
ez da gauza bera informazioa Elhuyar-en edo Gaztezulo-n bilatzea.
Aniztasun honek euskararen normalizazioan lagundu
eta komunikazioa errazten du, eskuragarriagoa egiten baitu. Horri esker, hartzaileek
aukera dute beraientzat gertuagoa izan daitekeen informazio hori jasotzeko.
Multimedia izaera gero eta errotuagoa dago hedabideetan: bideoak, argazkiak,
audioak zein testuak gero eta hobeago uztartzen dituztelako.
Aurrekoa kontuan izanez zera baieztatu daiteke;
euskarazko hedabideek interneten eskaintzen dutena ikusita informazioari
dagokion arloa kontrolpean dagoela. Bai tokiko informazioa zein Euskal Herri
osoari dagokiona jasotzeko webgune nahiko daudelako eta bideo, audio zein testu
bidez jaso dezakegulako informazio hori. Entretenimenduari dagokionez ikusten
da hutsarte nagusiena. Adibidez, euskararen normalizaziorako ona izango
litzateke webgune tematiko gehiago egotea, zinemaren inguruzkoak, musikaren
inguruzkoak, bidaiei buruzkoak… Web tematiko hauek euskal kultura bultzatzeaz
gain, aisialdia euskarazko produktuekin betetzen lagunduko dutelako. Eta hori,
euskararen normalizazioari dagokionez, funtsezko elementu bat da.
Audientziaren jarrera aldatu egin da. Hartzaile izatetik erabiltzaile izatera igaro den unetik interneten informazio sare erraldoi baten partaide bihurtu da. Informazio hori eduki piluletan jasotzen du, hau da, eduki arin eta laburrak kontsumitzen ditu. Gainera, sare sozialei esker, gustuko dituen eduki horiek lagunen artean hedatzen ditu. Elkar trukaketaren unea ailegatu da.
Multimedia aroan gaude, etengabeko aldaketa prozesu baten baitan sartuta, zeinean finkatu berri den web 2.0 izaera bera ere zaharkituta geratu dela dirudien. Hartzailea erabiltzaile aktibo bihurtu da internet-i esker eta multimedia aroan parte hartu nahi du. Sare erraldoi honetan aisialdia betetzeko eta informazioa jasotzeko eskaintza itzela da. Kontsumoa, ordea, ez da eskaintzaren adinakoa.
Azken 20 urteotan euskara hitz egiten dutenen kopuruak gora egin du. Beraz, gero eta jende gehiago da gai euskaraz ekoiztutako produktuak kontsumitzeko. Datu hau kontuan hartuz hedabideek zenbait erronkari egin beharko diete aurre. Batetik, hedabideek beraien bezeroa, beraien targeta hobeto ezagutu beharko dute, honi interesa dakizkiokeen edukiak ekoizteko. Bestetik hizkuntza normalizazio prozesuan lagundu beharko dute euskararen presentzia ahalik eta euskarri desberdin gehienetan bermatuz (sare sozialetan ematen diren mugimenduak kontuan hartuz adibidez).
Gaur egun erabiltzaile gehienek edukiak (eduki-pilulak) bilatzen dituzte. Eduki pilulak erraz eta arin kontsumitzen diren informazio zatiak dira, hau da, berehalakoan irakurri/ikusi/entzun daitezkeen eduki laburrak. Hau kontuan hartuz, euskarazko hedabideek eduki-pilula hauen eskaintza sendotzea bilatu behar dute.
Ikusten dudan bigarren erronka nagusia euskara informala bultzatzearena da, sare sozialetan batez ere; gazteek euskararen aurrean duten jarrera aztertzeko leku hoberenak direlako. Nahiz eta lagunartean euskara erabili, askotan gaztelera zein ingelesa nagusitzen dira sare sozialetan. Euskara informalak bere tokia du sare sozialetan, jendeak ez duelako euskararen erabilpena ukatzen, jendeak euskararen erabilpena sare sozialetan normalizatutako elementua bihurtu nahi du.
Laburtuz, hedabideek euskararen normalizazio eta hedapenean indarra jarri beharko da; eskaintza handiagoa eta gero eta hobea izan behar du. Horretarako lehen pausu gisa, eduki-piluletan indarra jarri beharko litzateke, audientziak euskarazko informazioa era labur eta arinean jasotzera ohitu dadin. Behin ohitura hau gizartean errotuta, audientzia bera animatuko da interesatzen zaion informazio horretan sakontzera eta gustuko duen informazio hori sare sozialetan partekatzera. Eta dakigunez, errotze horretan jokatzen da neurri handi batean euskararen etorkizuna interneten, eta ondorioz, euskararen garapenerako esparru garrantzitsuenetako bat.
Musikaren munduan beti izan dira bideoklip polemikoak, agian honen erregina Madonna izan daiteke edota Lady Gaga. Bi hauek erlijio gaiengatik sortu zuten polemika, Like a prayer eta Judas bideoklipekin hain zuzen ere. Aztertu dudan bideoklipa Maroon 5 taldearena da, "Misery" abestiarena konkretuki. Bitxia iruditu zait bideoklip honekin gertatu zena, Britainia Handian zehazki. Horregatik aukeratu dut.
Testuinguruan kokatuz, Maroon 5 taldearen bideo gehienetan "sexua" agertzen da, "sexy-ak" diren bideoak egin ohi dituztelako. Horretarako abeslaria beti emakume ederrez inguratuta agertzen da (sexistatzat hartu daiteke). Adam Levine-k, taldearen abeslariak, bideo honekin "sexua" alde batera utzi nahi zutela adierazi zuen, biolentzian zentratuko zirela aipatuz. Kontatzen diguten istorioa bere mutilaguna hil nahi duen neska batena da.
"Misery" bideoaren bertsio ofiziala
Bideoan ez da odolik agertzen, eta nire ustez, biolentzia nahiko "faltsua" dela nabaritzen da. Arazoa sortzen da biolentzia hori "joko" modu bat bezala interpretatzean, edo ekintza arrunt bat bailitzan aurkezterakoan. Biolentziaren plazerrarekin harremandu daiteke ere bideo hau. Britainia Handian ez zuten bideoklip honen emisioa baimendu, zentsuratu zuten; bortitzegia zela argudiatuz, biolentzia gehiegi agertzen delako. Une horretan, Maroon 5 taldekoek zentsura hori 'umore onarekin' hartzea erabaki zuten, eta bideoa Britainia Handian ikusgarri izateko "gozotzea" erabaki zuten.
"Misery" bideoaren Britainia Handiko bertsioa
Bideo honen zentsurarako arrazoi bakarra biolentzia izan zen, eta ez bideoak izan dezakeen erotismoa. Zergatik biolentzia da zentsuraren arrazoia? Abestia agertzen den "Hands all over" diskoaren portadan emakume bat 'biluzik' agertzen delako, eta hau ez zuten zentsuratu.
Bideokliparen egilea, Joseph Kahn da. Hau ez da polemika sortu duen bere lehen bideoa. Kahn-ek baita Eminen eta Rihannaren "Love the way you lie" bideokliparen zuzendaria da. Bideo honek kritika asko jaso zituen bere garaian biolentzia matxistaren apologia egiten zuela esanez. Hala ere, kritikak ez ziren haratago joan, eta bideoan ez zituzten aldaketarik egin. Arazorik gabe emititu zen mundu osoan.
Laburtuz, bideoklip honek egiten duen sexu eta biolentziaren tratamenduari dagokionez zera esan dezakegu:
Bideo hau gaur egun ez du arazorik espazio publikoan agertzeko edo erabiltzeko, Britainia Handian izan ezik.
Fikzio bat da. Ez da odolik agertzen eta agerikoa da kolpeak gezurrezkoak direla. Jokatzen ari direlaren itxura ematen du. Biolentziaren plazerrarekin harremana izan dezake. Hala ere, ez du mezu moral edo sozialik bidali nahi.
Nahiz eta biolentziari indarra eman nahi izan, erotikotasunarekin jokatzen dute bideoan ere. Biolentzia eta erotikotasunaren arteko borrokan, erotikotasuna ateratzen da irabazle Youtuben dauden iruzkinak kontuan hartuz gero. Erotikotasunaz hitz egiten dutenak biolentziak hitz egiten dutenak baino gehiago direlako. Adibideak: "This porn has good music", "It looks so sexy, I want it so bad", "You guys have no idea how many guys would pay to get beaten up by a girl who looks like that". Hala ere, badira biolentziari erreferentzia egiten dioten zenbait: "She hits him it's fine. He hits her, it's abuse", "I hate how he takes all this, I wanna see him punch her freakin' face!"
Beti bezala sexua eta biolentzia erakusten bideoak polemikoak izango dira, eta horrek, ikusle gehiago izango dituela ziurtatzen du. Bideoaren egileak zentsura umore onez hartu zuen, eta emaitz kuriosoa lortu zuen gutxienez.
Glee FOX kateak emititzen duen telesaila da. Musikala, komedia eta drama nahasten dituena. Bere bereizgarri nagusia musika izanik, honen erabilpenak gidoiaren nondik norakoak baldintzatzen ditu. Aurkezpen honetan Glee telesailaren multimediatasunaren arrazoiak azaltzen dira.
'Biit' aplikazioaRockola.fm-ren sortzaileek egin dute eta webgune horren antzera funtzionatzen du. Rockola.fm interneteko irrati soziala da. Jendeak abestien inguruan iruzkinak egiten ditu eta zure gustuen arabera abestiak aukeratzen dituen sisteman edo algoritmoan oinarrituz, zure gustukoak izan daitezkeen abestiak erreproduzitzen ditu.'Biit' aplikazio honi esker guztiz legala den musika streaming bidez entzun ahal izango dugu gure mugikorretan, doanik.
Irratia on-line entzuteko aplikazio hau momentuz soilik iPhonentzat dago eskuragarri, pare bat hilabete barru Android eta BlackBerry-entzat egongo da eskuragarri ere. 'Biit' aplikazioak 30.000 artista baino gehiagoren abestiak erabiltzaileen esku jarriko ditu. Gainera euren helburuen artean hileko katalogoan 10.000 abesti berri gehitzea dago. Aplikazioak ez du bilaketa espezifiko bat ahalbidetzen, hau da, ezin dezakezu abesti zehatz bat zure kabuz bilatu eta entzun. Aldiz, erreprodukzio zerrendetan oinarritutako aplikazio honek erabiltzaileei
gustuko ez dituzten abestiak erreprodukzio zerrenda hauetatik ezabatzeko aukera ematen die. Abestien erreprodukzio zerrendak sortzerako orduan, hots, abestiak aukeratzerako orduan, kontuan hartzen den informazioaren %30a erabiltzaileen iruzkinetatik dator, eta gainontzeko %70a aplikazioaren datu basetik.
Carlos de Ottok (Rockola.fm-ren sortzaileetako bat) zera dio: "Biit aplikazioa publiko desberdin batera zuzenduta dago, publiko gazteago bati hain zuzen ere, mugikorrak era intentsiboan erabiltzen dutenak". Gainera mugikorrentzako aplikazioa ordenagailuena baino arinagoa izango dela baieztatu du.
Musika doakoa izango da publizitateari esker. Beraz aplikazio berri bat sortu da musika legalki mugikorrean entzun ahal izateko. 'Spotify'-ren konpetentzia bihurtuko da? Pirateriaren jaitsieran lagunduko du?