Mostrando entradas con la etiqueta Multimedia Komunikazioa. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Multimedia Komunikazioa. Mostrar todas las entradas

2012/02/02

Scripters, web serie proiektua

Internet ikus entzunezko produktuen kontsumorako euskarri ezinhobea da. Gure transmedia proiektua hori kontuan hartuz jaio zen. Scripters web seriea gidoigintzaren munduan oinarritzen den fikzio soziala izango da. Baskstage ekoiztetxean praktiketan hasi diren bost bekadunen tirabirak erakutsiko dituena. Gure protagonistek euren gatazkak islatuko dituzte bere gidoietan. Telebista gidoigintza oinarri hartuta, formatu eta genero desberdinak landuko dituzte. Bizitzaren tragikomikotasuna landuko duen web seriea izango da, aldi berean gidoilariaren figura aldarrikatuko du ere.


Esan bezala, web serie soziala izango da. Funtsezkoa izango da jendearen parte hartzea, publikoaren iruzkinak. Ikusle edota erabiltzailea gidoilari sentiaraztea bilatzen dugulako. Astero 10-15 minutu bitarteko kapitulu bat emitituko da eta 5 minutuko sketch bi. Kapituluek ildo narratiboa osatuko dute, eta sketchak osagarriak izango dira. Sare sozialetan (Youtube, Facebook, Twitter zein Tuenti-n) jasotako iruzkinek sketchen edukietan eragin zuzena izango dute.

Denok izan gara bekadun, denok dugu istorio bat kontatzeko. Anima zaitez, eta parte hartu! Kontaiguzu zure esperientzia!

2012/01/04

Bestelako komunikazioa, norbanakoa komunikazio bide berrien motorra

Informazioa boterearen adierazle da. Informazioaren trafikoa maneiatzen dutenek gizartean eragina dute. Hedabideek igortzen duten informazioa gizartea egituratzn dute, hau da, hedabideek betidanik erabaki dute zer informazio eman eta zer informazio gorde. Beraz, masa hedabide tradizionalek igortzen duten informazio horren inguruan egituratuko da iritzi publikoa.

Zorionez, egoera hau aldatu egin da. Informazioaren globalizazioari aurre egiteko bestelako komunikazioa agertu da, indibiduaren informazio eskubidea aldarrikatzen duen matxinada/mugimendu/ekintza soziala. Masa komunikabideek herritarren hitzari ez diote balio nahikorik ematen. Mugimendu berriek aldiz, komunikazio bide berriek alegia; herritarren hitza dute oinarri eta hau ahalik eta modurik berritzaileenean hedatzen saiatzen dira, horretarako irudimenari garrantzi handia emanez.


Komunikazio bide berriak sortzea beharrezkoa da, informazioa iturri desberdinetatik jasotzea ziurtatzen baitu, heterogeneotasunaren mesedetan. Hala ere, eredu hauek gizartean trinkotzea zaila da. Ez da bat-bateko ekintza. Lehenik mugimendu berri batek bere ideia zabaldu nahi badu, arreta deitu beharko du, adibidez lip-dub bat grabatuz, interneten hedabideak sortuz ... Helburu zehatz batekin ematen dira bestelako komunikazioak. Hauen erronka nagusietako bat da behin interes publikoa piztuta honi jarraitasun bat eman behar zaio helburua lortu arte. 


Martxoak 15 mugimendua, Madril.
Bi elementu hartu behar ditugu kontuan bestelako komunikazioari buruz hitz egiterako orduan, batetik gizarte mugimendu berrien loraldia; bestetik teknologia berrien agerpena. Azken hauek komunikazioaren panorama aldatu dute. Teknologia berriei esker hiritarra kazetari bihurtzen da. Informazio jarioan subjektu bihurtzen dira baliabide desberdinak erabiliz (internet, kamera digitalak...). Iraultza multimedia honetan, sare sozialek ezinbesteko garrantzia dute (Twitter batez ere). Herritar-kazetari hauek internetera igo duten informazioa sare sozialetan partekatu eta hortik mundu osora zabaltzen dute. Gizarte mugimenduei dagokioenez, internt-ek panorama goitik behera aldatu egin du. Sare sozialen erabilpen ona egitea funtsezkoa bihurtu da mugimendu bat aurrera egin dezan. Komunikazio sistema ona eraiki behar dute aldarrikatzen duten hori herritarrengan eragina izateko. Euren 'produktua' ondo saltzen jakin behar dute. 

Ohiko komunikazio kodeak zaharkituta geratu dira jarrera multimedia berrien aurrean. Hiritarrek euren iritziak gainontzeko erabiltzaileekin partekatzen dituzte teknologia berriei esker talde moduan eragin handiko elementu bihurtuz. Indibiduoak banaka ez gara ezer, pertsona bakar batek ez du atentzioa deituko. Hala ere, pertsona bakar horrek teknologiei esker arreta deitzen badu, eta beraren ideiekin bat datozen pertsonekin biltzen bada, "jarraitzaile" kopurua gora egin heinean, euren eragina gizartean handiagoa izango da, adibidez, Martxoak 15 mugimendua.


Masa hedabide tradizionalak duen menpekotasunarekin amaitzeko unea da. Herritarrra da bestelako komunikazioa posible izateko motorra, hau martxan jarri behar.  Multimedia jarrera zein bestelako komunikazio baten aukera dagoela hasieratik finkatu behar da gizartean, horretarako aldaketaren oinarri hezkuntza, komunikazioa eta kultura bihurtu behar dira. Multimedia ondo ezagutzen badugu, honek eskaintzen dituen aukerak ondo aztertuzgero, gure mezua ahalik eta gehien hedatzeko gaitasunak lortuko ditugu. Herritarrak jada komunikazioan aktiboki parte hartzen hasi dira, informazioa jasotzeko ehunaka iturri berri sortu dira. Plataforma eta euskarri desberdinek elkarlarean aritu behar dira ahalik eta informazio osoena eskaini ahal izateko. Iraultza kultural baten baitan gaude, non jendeak teknologia berriak maneiatzen ikasten duen heinean, bestelako komunikazioaren ideia arrakastatsuago izango den.

2012/01/02

Zibertestu egoki bat sortzeko, zenbait erabaki hartu behar

Zibertestu bat egiterako orduan zenbait erabaki hartuko ditugu kontuan. Erabaki hauek testuan eragina izango dute, hau da, erabaki linguistiko testual desberdinak hartuko ditugu egin nahi dugun produktuaren arabera. Erreportaje baten ekoizpena adibidetzat hartuz, zenbait pausu bereiz ditzakegu:

Lehenik eta behin gure erreportajearekin zer komunikatu nahi dugun erabaki behar dugu, gaia eta gure produktuan interesa izango duen publikoa zehaztuz. Gure erreportajearekin xede talde batera zuzentzen gara eta horrengan interesa piztu behar duen produktu bat ekoitzi behar da. Hartzaileak baldintzatzen dituen elementuen artean hizkuntza mailarena dago, adibidez, hartzailearen arabera testu mailan hizkuntza formal edo informalago bat erabiliko dugu. Gainera, gure erreportajea izango duen hedapena aldez aurretik zehaztu behar dugu hizkuntza erabakitzeko eta azpitituluak izango dituen ala ez zehazteko.

Publikoa eta gaia zehaztu ondoren erabaki linguistiko testualetan eragina izango duen hurrengo elementua generoaren aukeraketa izango da. Helburu diskurtsiboarekin oso lotuta dago erabaki hau, baita azpigenero baten baitan kokatu behar. Elkarrizketak, testuak helburu informatiboa izango duen, entretenimendurako produktua izango den... Generoak egitura mota bat ematen du, estilo bat, nolabait moldagarria den estruktura edo txantiloi bat aukeratzen dugu generoa zehazterakoan. 

Erreportajea genero baten baitan kokatu ondoren zirriborrotze bat egitea komeni da, storyboard baten antzekoa, gure erreportajeari itxura ematen hasteko. Zirriborro horretan erreportajearen osagaiak zeintzuk izango diren zehaztuko dira: off ahotsa izango duen, zenbat elkarrizketatu, zein egitura izango du elementu bakoitzak, sarrera bat egongo den ala ez, adierazpenak non eta nola kokatuko diren... Produkzioarekin lotuta dagoen urratsa da.

Dokumentazio lanari dagokionez (urrats hau lehenago egin daiteke ere), behin erreportajearen ziriborroa eginda lortutako informazio guztia testuarekin nola uztartuko dugun zehartu behar. Lortutako informaziotik zein testu eta irudi erabiliko dugun, zein baztertu, zein jarri lehenago, zeini eman garrantzi gehien, zein elementu bihurtuko da erreportajearen oinarri... 

Erreportajeak (produktuak) izango duen diseinuari begira, beharrezkoa da erreportajea produktu multimedia bezala ulertzea. Multimedia baliabideak kontutan hartuz testua hauetara egokitu behar dugu, horretarako hoberena, produktu moldagarri baten diseinua egitea da. Hedabide bakoitzak bere berezitasunak dauzka eta hauek kontuan hartu behar dira produktuak izango dituen aukerei begira: linealtasunik izatea ala ez, interaktibitate maila handia edo txikia izango duen, zein euskarrietan zabalduko den ... 

Aurreko elementuak zehaztu ondoren eta hauek baldintzatzen dituzten erabaki linguistiko diskurtsiboak kontuan hartuta, azken pausua produktuaren edizio lanarena izango da.


2011/12/12

ZUZEU, euskarak interneten lekua duela erakusten duen adibidea

ZUZEU albistaria euskarak interneten lekua erakusten duen adibide argia da. Blog formatuan oinarrituta, hartzaileen parte hartzea bilatzen dute informazioa ematerako orduan. Hedabide bera bihurtzen da modu horretan euskararen normalizaziorako baliabide.

Komunikazio eredu dinamiko, berritzaile eta erakargarri bat eskaintzen du. Erabiltzaileek egiten duten albistaria da eta horrek euskararen aldetik aberastasuna egotea ekartzen du. Euskara batua nagusi da, bai. Baina iruzkinak idazterako orduan erabiltzaileen kutsu pertsonala nabaritzen da, euskara maila desberdina duen audientzia dutela erakutsiz. Jarrera aktiboa bultzatzen du eta euskaraz idazten trebatzeko erreminta ezin hobea da. Twitter, Facebook eta antzeko sare sozialen bidez euskara mundura zabaltzen dute ZUZEU-n ere. Ekintza honek euskara modernizatu eta gaurkotzen du, hainbeste aipatzen den informaltasunera hurbiltzea lagunduz.

Gai desberdinak jorratzen dituzte titular, argazki eta sarrera laburren bidez (beti ere sakontzeko aukera emanez). Hedabide heterogeneo bat da, gehiengo bati ulergarria izango zaioen euskara erabiltzen duena. Euskararen normalizaziorako adibide izateaz gain, hedabide parte hartzaile bat izan behar lukeenaren adibidea ere bada.

ZUZEU-n gehiago sakondu nahi? Klikatu ezazu bideoan Nickdutnik saioan egindako erreportajea ikusteko.




Hemen doa testua

Euskarazko multimedia hedabideen eskaintza

Gaur egun internetek gure aisialdiaren parte handia betetzen du, bai produktu arin baita sakonak eskainiz. Euskal hedabideek aisialdi hori betetzen saiatzen dira, proposamen desberdinak eskainiz. Inor ez da kanpo geratzen: haurrak (hiru3), gazteak (GazteZulo), helduak (Berria); musikazaleak (Euskadi Gaztea), literaturzaleak (Literatur Mikropilulen Farmatzia)…



Euskaraz ekoiztutako multimedia indarra hartzen doa audientzia euskaldunaren artean. Eskaintza etengabe hazten doa, interneteko hedabideek hartzaileen nahiak betetzen saiatzen baitira.

Horretarako badira bere lana Euskal Herriko gizarte orokorrari zuzendutako hedabide generalistak (EiTB, Berria …) edo tokian tokiko informazioa bere bereizgarri bihurtzen dutenak (Hitza, Goiena, Tokiko TV…). Euskara eredua desberdina izango da hedabide zein euskarriaren arabera, hau kontuan hartuz hedabide orokorretan euskara batua izango da nagusi, eta tokikoetan aldiz, eskualdeetako euskara.
Interneteko hedabide hauek edukiak lantzerako orduan kontuan hartu behar dituzte hartzaileen adin eta interesguneak, horiei ahalik eta hoberen erantzuteko eta edukiak era egokienean tratatzeko. Adibidez, ez da gauza bera informazioa Elhuyar-en edo Gaztezulo-n bilatzea.

Aniztasun honek euskararen normalizazioan lagundu eta komunikazioa errazten du, eskuragarriagoa egiten baitu. Horri esker, hartzaileek aukera dute beraientzat gertuagoa izan daitekeen informazio hori jasotzeko. Multimedia izaera gero eta errotuagoa dago hedabideetan: bideoak, argazkiak, audioak zein testuak gero eta hobeago uztartzen dituztelako.

Aurrekoa kontuan izanez zera baieztatu daiteke; euskarazko hedabideek interneten eskaintzen dutena ikusita informazioari dagokion arloa kontrolpean dagoela. Bai tokiko informazioa zein Euskal Herri osoari dagokiona jasotzeko webgune nahiko daudelako eta bideo, audio zein testu bidez jaso dezakegulako informazio hori. Entretenimenduari dagokionez ikusten da hutsarte nagusiena. Adibidez, euskararen normalizaziorako ona izango litzateke webgune tematiko gehiago egotea, zinemaren inguruzkoak, musikaren inguruzkoak, bidaiei buruzkoak… Web tematiko hauek euskal kultura bultzatzeaz gain, aisialdia euskarazko produktuekin betetzen lagunduko dutelako. Eta hori, euskararen normalizazioari dagokionez, funtsezko elementu bat da.



Hemen doa testua

2011/12/10

Euskarazko hedabideen erronka: Eduki pilulak eta sare sozialak

Audientziaren jarrera aldatu egin da. Hartzaile izatetik erabiltzaile izatera igaro den unetik interneten informazio sare erraldoi baten partaide bihurtu da. Informazio hori eduki piluletan jasotzen du, hau da, eduki arin eta laburrak kontsumitzen ditu. Gainera, sare sozialei esker, gustuko dituen eduki horiek lagunen artean hedatzen ditu. Elkar trukaketaren unea ailegatu da.

Multimedia aroan gaude, etengabeko aldaketa prozesu baten baitan sartuta, zeinean finkatu berri den web 2.0 izaera bera ere zaharkituta geratu dela dirudien. Hartzailea erabiltzaile aktibo bihurtu da internet-i esker eta multimedia aroan parte hartu nahi du. Sare erraldoi honetan aisialdia betetzeko eta informazioa jasotzeko eskaintza itzela da. Kontsumoa, ordea, ez da eskaintzaren adinakoa.

Azken 20 urteotan euskara hitz egiten dutenen kopuruak gora egin du. Beraz, gero eta jende gehiago da gai euskaraz ekoiztutako produktuak kontsumitzeko. Datu hau kontuan hartuz hedabideek zenbait erronkari egin beharko diete aurre. Batetik, hedabideek beraien bezeroa, beraien targeta hobeto ezagutu beharko dute, honi interesa dakizkiokeen edukiak ekoizteko. Bestetik hizkuntza normalizazio prozesuan lagundu beharko dute euskararen presentzia ahalik eta euskarri desberdin gehienetan bermatuz (sare sozialetan ematen diren mugimenduak kontuan hartuz adibidez).

Gaur egun erabiltzaile gehienek edukiak (eduki-pilulak) bilatzen dituzte. Eduki pilulak erraz eta arin kontsumitzen diren informazio zatiak dira, hau da, berehalakoan irakurri/ikusi/entzun daitezkeen eduki laburrak. Hau kontuan hartuz, euskarazko hedabideek eduki-pilula hauen eskaintza sendotzea bilatu behar dute.

Ikusten dudan bigarren erronka nagusia euskara informala bultzatzearena da, sare sozialetan batez ere; gazteek euskararen aurrean duten jarrera aztertzeko leku hoberenak direlako. Nahiz eta lagunartean euskara erabili, askotan gaztelera zein ingelesa nagusitzen dira sare sozialetan. Euskara informalak bere tokia du sare sozialetan, jendeak ez duelako euskararen erabilpena ukatzen, jendeak euskararen erabilpena sare sozialetan normalizatutako elementua bihurtu nahi du.

Laburtuz, hedabideek euskararen normalizazio eta hedapenean indarra jarri beharko da; eskaintza handiagoa eta gero eta hobea izan behar du. Horretarako lehen pausu gisa, eduki-piluletan indarra jarri beharko litzateke, audientziak euskarazko informazioa era labur eta arinean jasotzera ohitu dadin. Behin ohitura hau gizartean errotuta, audientzia bera animatuko da interesatzen zaion informazio horretan sakontzera eta gustuko duen informazio hori sare sozialetan partekatzera. Eta dakigunez, errotze horretan jokatzen da neurri handi batean euskararen etorkizuna interneten, eta ondorioz, euskararen garapenerako esparru garrantzitsuenetako bat.


Hemen doa testua

2011/11/20

'Glee' telesaila, transmedia ote?


Glee FOX kateak emititzen duen telesaila da. Musikala, komedia eta drama nahasten dituena. Bere bereizgarri nagusia musika izanik, honen erabilpenak gidoiaren nondik norakoak baldintzatzen ditu. Aurkezpen honetan Glee telesailaren multimediatasunaren arrazoiak azaltzen dira.


Hemen doa testua

2011/10/03

Aurkezpena - Multimedia Komunikazio Masterra

Multimedia Komunikazio Masterrari hasiera emateko ekintza hoberena blog berri bat hastea da. Blog honetan masterraren nondik norakoen berri emango dut, baita gustuko dudan gaiei buruz idatziko dut ere. Blog bakoitzarekin bide berri bat hasten da. Goazen ba.