Euskara eta sarea. Ba al dute elkarbizitzerik bi kontzeptu hauek? Hortaz aritu ziren euskal hedabideen zenbait ordezkarik EHU-n ospatutako "Euskararen komunitate birtualen" inguruko jardunaldian. Luistxo Fernandez (SUSTATU), Lontzo Sainz (EITB.COM), Maite Goñi (EUSKAL JAKINTZA), Lander Arbelaitz (ARGIA), Idurre Eskisabel (BERRIA.INFO) eta Hasier Etxeberriak (ZUZEU) interneten euskal komunitaterik dagoen ala ez abiapuntu izanda gaiaren inguruan eztabaidatu zuten. Bi ondorio nagusi atera ziren: interneten euskaraz dabil kalean euskaraz dabilena eta instituzioen aldetik laguntza jasotzea beharrezkoa dela hau aurrera eramateko.
Internet baliabide ezin hobea da euskaldunen arteko harreman-sareen trinkotzea lortzeko. "Internetek ez dio kalterik egingo euskarari" - azpimarratu zuen Luistxo Fernandez-ek - "Bitartekoak hor daude, eta euskarak interneten presentziarik ez badu jendea erabiltzen ez duelako da, ez baliabideen falta dagoelako". Beraz, euskaraz ahalik eta eduki gehien eskaintzea beharrezkoa da, hizkuntza ahalik eta gehien zabaltzeko.
Internet "bigarren bizitza" baten antzerakoa dela komentatu zuen Hasier Etxeberriak. Honetan lagunak egiten ditugulako, komunitate txikiak sortzen direlako interesgune berdin baten inguruan, baita "etsaiak" izan ditzakegulako ere... Baina komunitate kontzeptuari buruz hitz egiten dugunean, zalantzak sortzen dira honen existentziaren inguruan, batzuk diote ez dagoela, beste batzuk aldiz, Twitter-en adibidez, euskal komunitateak gero eta presentzia gehiago duela defendatzen dute.
Euskararen tinkotze honetarako beharrezkoa da ahalik eta eduki gehien euskaraz ekoiztea. Adibidez, sare sozialen portada orriak euskaraz jarriz, edota pixkanaka edukiak euskarara itzultzen hasiz. "Euskararen paisaia linguistikoa zabaldu beharra dago" aipatu zuen Lander Arbelaitz-ek. Google-en bezalako bilatzaile batean presentzia handiagoa lortu behar. Elementu irekia denez, euskarazko edukiek gora egiten duten heinean, bilatzaileak arreta gehiago jarriko dio euskarari itzultzeko aukerari dagokionez.
Euskarak interneten tokia izan dezan zenbait pausu eman beharra dago, norbanakoaren jarrera aldaketarengatik hasita. Adibidez, euskaraz duen 'hizkuntza zaharkituaren' zama kentzeko aukera dugu interneten; teknologia berriak etengabe aldatzen doaz eta hauetan euskararen presentzia ahalik eta arinen egon behar du; aukera berriak ematen ditu euskal jendearengana hurbiltzeko sare sozialei esker adibidez, eta hauek ondo ustiatzen ikasi behar dugu. Interneten euskara egon behar da, egotea da garrantzitsuena.
Arazo batekin topo egiten dugu finantzaketari buruz hitz egiterakoan. Euskara interneten lekua izan dezake baina zenbait muga zehaztu behar ditugu. Interneten euskaraz dauden gauza gehienak kostu txikikoak dira. Autofinantzaketa ez da posiblea. Paperezko edizio baten existentzia beharrezkoa da interneteko edizio digitala bideragarria izateko, dirua paperezkoan dagoelako eta ez sarean. Hedabide baten finantziazio oso bat internetek ematen dituen etekinetan oinarrituz gero, ez luke denbora asko iraungo. Beraz, une honetan, hizkuntza politika baten beharra dagoela argi geratzen da. Egoera ekonomikoa latza da, euskarak interneten ez baitu diru laguntzarik jasotzen. Interneten inbertitzea elementu garrantzitsua da, administrazioak lagundu beharko luke euskararen presentzia handiagoa izatea lortzeko.
Euskararen presentzia behin betikoa bihurtu dadin, estrategia batzuk finkatu beharra dago. Hedabide gehienen ordezkariak ados daude interes gunea gazteengan dagoela. Publikoa ahalik eta azkarren harrapatu beharra dagoelako. Euskarak interneten gazteentzat funtzio gehiago lortzea ondo egongo litzateke normalizatu dadin. Hala ere, kalean ere aldaketa bat eman behar da, gero hori internetera eramaterako orduan eragin handiagoa lortzeko. Aldaketa hori arrakastatsua izan dadin, lehenik eta behin argi izan behar dugu zeintzuk diren jendearen jarrera eta interesak. Jendearengana jo behar dute hedabideek eta ez jendea itxaron.
Pixkanaka pausuak ematen hasi dira euskara interneten presentzia izateko, normaltasuna lortzeko. Horretarako estrategia nagusia hau izango da: Euskara interneten erabiltzea (edukiak sortuz, iruzkinak idatziz, blogetan, sare sozialetan...)
Hemen doa testua
No hay comentarios:
Publicar un comentario