Audientziaren jarrera aldatu egin da. Hartzaile izatetik erabiltzaile izatera igaro den unetik interneten informazio sare erraldoi baten partaide bihurtu da. Informazio hori eduki piluletan jasotzen du, hau da, eduki arin eta laburrak kontsumitzen ditu. Gainera, sare sozialei esker, gustuko dituen eduki horiek lagunen artean hedatzen ditu. Elkar trukaketaren unea ailegatu da.

Multimedia aroan gaude, etengabeko aldaketa prozesu baten baitan sartuta, zeinean finkatu berri den web 2.0 izaera bera ere zaharkituta geratu dela dirudien. Hartzailea erabiltzaile aktibo bihurtu da internet-i esker eta multimedia aroan parte hartu nahi du. Sare erraldoi honetan aisialdia betetzeko eta informazioa jasotzeko eskaintza itzela da. Kontsumoa, ordea, ez da eskaintzaren adinakoa.
Azken 20 urteotan euskara hitz egiten dutenen kopuruak gora egin du. Beraz, gero eta jende gehiago da gai euskaraz ekoiztutako produktuak kontsumitzeko. Datu hau kontuan hartuz hedabideek zenbait erronkari egin beharko diete aurre. Batetik, hedabideek beraien bezeroa, beraien targeta hobeto ezagutu beharko dute, honi interesa dakizkiokeen edukiak ekoizteko. Bestetik hizkuntza normalizazio prozesuan lagundu beharko dute euskararen presentzia ahalik eta euskarri desberdin gehienetan bermatuz (sare sozialetan ematen diren mugimenduak kontuan hartuz adibidez).
Gaur egun erabiltzaile gehienek edukiak (eduki-pilulak) bilatzen dituzte. Eduki pilulak erraz eta arin kontsumitzen diren informazio zatiak dira, hau da, berehalakoan irakurri/ikusi/entzun daitezkeen eduki laburrak. Hau kontuan hartuz, euskarazko hedabideek eduki-pilula hauen eskaintza sendotzea bilatu behar dute.
Ikusten dudan bigarren erronka nagusia euskara informala bultzatzearena da, sare sozialetan batez ere; gazteek euskararen aurrean duten jarrera aztertzeko leku hoberenak direlako. Nahiz eta lagunartean euskara erabili, askotan gaztelera zein ingelesa nagusitzen dira sare sozialetan. Euskara informalak bere tokia du sare sozialetan, jendeak ez duelako euskararen erabilpena ukatzen, jendeak euskararen erabilpena sare sozialetan normalizatutako elementua bihurtu nahi du.
Laburtuz, hedabideek euskararen normalizazio eta hedapenean indarra jarri beharko da; eskaintza handiagoa eta gero eta hobea izan behar du. Horretarako lehen pausu gisa, eduki-piluletan indarra jarri beharko litzateke, audientziak euskarazko informazioa era labur eta arinean jasotzera ohitu dadin. Behin ohitura hau gizartean errotuta, audientzia bera animatuko da interesatzen zaion informazio horretan sakontzera eta gustuko duen informazio hori sare sozialetan partekatzera. Eta dakigunez, errotze horretan jokatzen da neurri handi batean euskararen etorkizuna interneten, eta ondorioz, euskararen garapenerako esparru garrantzitsuenetako bat.
No hay comentarios:
Publicar un comentario