2012/04/18

"Ondo egindako lanek, saria merezi dute"

Erakunde komunikaziora begira, arlo digitalari dagokionez, badira "etxeko lanak" betetzen ari diren zenbait webgune. Buber Sariak honen adierazle bihurtu dira. Sari hauen bidez urtero euskal webgune hoberenak saritzen dituzte.

Epaimahaiak sariak banatzeko jarraitzen dituzten irizpideen artean ondokoak daude: egindako esfortsua, kalitate artistikoa, diseinua, egituraketa, erabilgarritasuna (negozio zein zerbitzu publiko gisa) eta edukien aberastasuna.

2011ko sarituen artean Justizia.net webgunea aurkitzen dugu. Euskadiko Justizia Administrazioaren webgune hau, erabilgarritasuna hobetzeko helburuarekin jaio zen. Horretarako webguneko sarbidea erraztu zuten, edukiak egitura logiko baten arabera antolatuz eta interneteko lengoaiara egokituz: testu, izenburu eta esteketan lengoai argi eta zehatza erabiliz.



Webgunearen helburuetako bat edukien maneiatzea erraztea da, horretarako mugak edota oztopoak ezabatuz, batez ere, gaitasun pertsonal edo ez jakintasun teknologikoei dagozkionak. 

Erabilgarritasunari begira webguneak diseinu sinple eta eraginkorra du; gainera, irudi korporatiboa mantentzen du, kolore urdin eta zuriak oinarri hartuz. Erabiltzaileei justiziaren inguruko albisteak eta informazio orokorra eskaintzen die (blogaren bidez adibidez), eta ez hori bakarrik. Webguneak izapideak internet bidez egiteko edo prestatzeko aukera ematen du ere.

Justizia.net webgune bat eraginkorra eta erabilgarria izan behar duela erakusten du, horretarako egitura on bat prestatzea beharrezkoa da, eta hau webgunearen mapan ikus dezakegu. Justizia.net ez da 2011an saria jaso zuen webgune bakarra, hauek dira beste kategoria batzuetan sarituak izan ziren orrialdeak:


"Erakunde komunikazio eraginkor bat eraikitzeko alderdi nagusiak"

Erakunde komunikazio proiektu bat aurrera eramateko orduan, eta hau eraginkorra izatea lortu nahi badugu, zenbait elementu kontuan hartzea komeni da. Zortzi dira bete beharreko pausu nagusiak:

  1. Paradigma aukeratu: zein paradigmaren alde egingo du enpresak, zein funtzio beteko duen komunikazioak, zein da enpresak gizartearen inguruan duen ikuspuntua...
  2. Filosofia eta erreminten uztartzea: enpresek ondo neurtu behar dituzte proiektuak aurrera eramateko dauden baldintzak, eta hauek gauzatzeko beharrezkoak izango diren erremintak. Hauek enpresaren filosofia zabaltzeko baliagarriak izan behar.
  3. Kontzientzia digitala: web 2.0 tekniken alde eginez gero, enpresako lankideek hauek erabiltzen dakitela ziurtatu behar dugu. Kontzientzia digitala izan behar dute gaur egungo langileek.
  4. Barne langile eta kanpo erabiltzaileak: enpresek erakunde komunikazioa lantzerakoan bereizketa hau egin behar dute. Barne langileei begira nolabaiteko rolak edo hierarkia bat zehaztea komeni da.
  5. Pausuz pausu: erakunde komunikazioa diseinatzearen prozesua luzea da, pixkanaka joan behar. Ezin dezakegu dena batera martxan jarri. Teknologiek administrazioetan eraginkor izaten lagundu behar dute, lan eredua aldatzen lagundu eta ez oztopatu.
  6. Partekatzea: gure ezagutzaren inguruan zein atal zabalduko ditugun eta zein gorde erabaki behar.
  7. Erabiltzailearen profila: hau definitu behar, bi aldeetatik gainera: kanpoko erabiltzailea eta barruko erabiltzailea. Hau kontuan hartuz eraikiko dugu erakundearen komunikazio sistema.
  8. Kode berriak: internetek hizkuntza propioa du, sinpleagoa, erakargarriagoa. Kode hauen erabilpena gure helburuekin bat egin behar dute.
Komunikazioaren etengabeko aldaketaz jabetu behar gara, bai indibidualki bai erakunde baten ikuspegitik. Komunikazioa digitalizatu beharra dago, kode berriak aplikatu, erabiltzailearen profil berri baten eskakizun posibleak asetzeko. Erakunde komunikazioak estruktura finko bat izan behar du, non helburuak ondo definituta egon beharko diren. Aurreko puntuak kontuan hartu behar dituzte erakundeek komunikazio eredua planteatzeko orduan, helburu nagusi bat zehaztuz: eraginkortasuna.

"Helburuak ondo zehaztuz gero, erakunde komunikazio arrakastatsua lortzeko aukera gehiago"

Erakunde komunikazioaren esparrua zabala da, eta honi buruz hitz egiten dugunean hiru alderdi hartu behar ditugu kontuan gure proiektuak arrera ona izatea lortu nahi badugu:
  1. E-informazioa: erakundearen inguruko informazioari dagokiona: albisteak, deialdiak, informazio bolumena... Informazio hau zabaltzeko baliabide desberdinak ditugu gaur egun, adibidez: webguneak, sare sozialak, RSS bidezko harpidetzak, blogak...
  2. E-kudeaketa: erakunde komunikazioa ez da soilik erakundearen kanpo irudiari begira kudeatzen. Hau eraginkorra izan dadin barne kudeaketa ere ondo landu behar da. Horretarako kudeaketa errazten duten baliabideak aplikatu daitezke: intranetak, eskabideak, ingurune pertsonal ona sortzea...
  3. E-lankidetza: teknologia berriek erakunde komunikazioari begira ekarri dituzten abantailen artean lankidetza errazten duten baliabideen sorrera aurkitzen ditugu: wikiak, sare sozial itxurako produktuak, bideo konferentziak...
Hauek garatzeko orduan eta erakundearen interes eta helburuak kontuan hartuz, 1.0, 2.0 edo 3.0 sistemen erabilpena zehaztuko da. 3.0 jarrera oraindik ez du adostutako definiziorik, eta 1.0 sistema zaharkituta geratu da. Hori dela eta, 2.0 euskarrien integrazioaren aldeko jarrera da nagusi erakunde komunikazioan.

Web 2.0 komunikazio tekniken baitan eraginkorrenak blog eta sare sozialak dira. Blogei esker informazioa erraz hedatu eta eguneratu dezakete erakundeek. Horretaz gain, hartzailearekiko elkarrizketa pizteko aukera ematen dute ere. Hauek idazterako orduan kontuan hartu behar da internetera bideratutako informazioa dela, horregatik zehatza eta argia behar du izan. Sare sozialak, blogak baino hurbilagoak dira, eta helburu zein funtzio desberdinak betetzeko erabiltzen dituzte erakundeek: komunikatzeko, partekatzeko, harremanak kudeatzeko, entretenitzeko...

Beraz, erakunde desberdinak interneten presente egon behar dira, gaur egun komunikazio eraginkor bat landu nahi badute. Kanpo irudiari begira hurbilak izan behar dute, eta horretarako aipatutako teknikak bikainak dira. Hori bai, hauek eraginkorrak izateko, lortu nahi duten helburuak zehaztea beharrezkoa da.

2012/03/05

Naiara Gonzalez - Nire jarduera profesionala

Nire jarduera profesionalari buruz eta aldi berean nire pertsonaren inguruan informazio pixka bat zabaltzeko helburuarekin idazten dut blog sarrera hau. Dakizuenez, nire izena Naiara Gonzalez da, barakaldotarra naiz eta 23 urte ditut. Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua naiz, EHU Leioan.

2009.urtean "Hamaika Telebistan" praktikak egin nituen hiru hilabetez; bertan funtzio desberdinak bete nituen hauen artean ondokoak aurkitzen dira:
  • Kontribuzioaren kaptura eta edizioa
  • Albiste eta erreportajeen grabaketa
  • Albiste testuen idazketa eta off ahotsaren grabaketa
  • Albisteen edizioa
Esparru profesionaletik at, beti ikus-entzunezkoei lotutako ekintzetan parte hartzea gustatzen zait. Adibidez, Mungian grabatutako lipduba, edota zine lehiaketa "express"-etan: "Portu Express", "Zinebi Express" eta "Kameratoia". 2009.urtean "Urak eramandakoa" izenburuko film laburraren grabaketan parte hartu nuen "Zinebi Express" lehiaketarako.


Zinezale eta zine blogaria naiz. Idaztea gustatzen zait eta nire zineblogen bitartez (bata euskaraz eta bestea gazteleraz) niri iritzia sarean partekatzen dut.


Lan handia eskatzen dute bi blogek, baina gustora egindakoa da. Euskaraz idatzitako zinebloga dela eta, duela gutxi Euskadi Irratiko "Mezularia" saioan elkarrizketa bat egin zidaten, hemen duzue entzungai: http://bit.ly/A1elSF

Hizkuntzei dagokienez euskaraz aparte, ingelesez ondo moldatzen naiz. Euskal hedabide batean aritzea gustatuko litzaidake batez ere zinea edo kulturarekin harremanduta dauden esparruetan. Nire jardunaren berri izateko beste bide bat Twitter sarea da: @naiara_glez

2012/02/16

Ahozkotasuna eta multimedia diskurtsoa, zein euskara eredu da egokiena?

Hiru bideo ditugu aztergai, hauetatik bi fikziozkoak dira eta bat informatiboa. Horrek itzulpena baldintzatuko du. Bideo informatiboak irailaren 11n gertatu zen atentatuen irudiak erakusten dizkigu. Generoa kontuan hartuz, kazetaria, Ana Blanco kasu honetan, ahalik eta neutralen izan behar da, ahozko narrazioari begira, eredu normatibizatzailea erabiliko nuke, eredu estandarra zabaltzeko xedea duen hori. Ahozko testu hau euskara zuzen batean egitea komeni da. Testu egokia izan behar du, honen xedea informatzea delako. Gaztelerazko bideoan agertzen den bezala, Bush-en adierazpenak berdin mantenduko nituzke, une kritikoa delako. Noski, euskarazko azpitituluak aurretik aipatutako zuzentasun eta egokitasunari jarraituz itzuli beharko dira.



Fikzioei begira kontrakoa gertatzen da. Eredu normalizatzailearen alde egingo nuke hauetan. Aipatu behar dut, aztertu beharreko klip zatia ezin izan dudanez ikusi, pelikula osoaren nondik norakoetan oinarrituz egin dudala euskara ereduaren aukeraketa. Behin hau zehaztuta, zera esan daiteke: Mario Casasen pertsonaia hasieran "berezia" da, friki eta lotsatia. Hau adierazteko euskararen eredu estandarra erabiliko nuke hasieran. Formala. Ez eroso dagoelako, hanka sartu nahi ez duelako. Honen lagunak aldiz, euskara eredu jatorrago batean hitz egingo dute, euskalkian adibidez, lagunarteko giroa dagoelako hauen artean, hurbiltasun gehiago. Ijituaren rola interpretatzen duena bereiztuko nuke ere, honen hizkera ez zuzena izango zen, batzuetan ez egokia gainera. Protagonista erosoago sentitzen doan heinean honen euskara eredua jatorragoa bihurtuz joango da.


Azkenik, Torrenteren bidoa dugu, seguruenik filmaren eszenarik ezagunenetakoa. Honetan euskara jatorra izango da nagusi. Batzuetan erdarakada batzuekin nahastuko nuke euskara eredua, hizkuntza "zikintzeko". Zaila da atal hau euskara itzultzea. Pertsona ez atsegina da Torrente, eta hori honen hizkeran islatu beharko litzateke. Torrenteren bertsio euskaratua bideoan ikus dezakezue, azpitituluekin.


2012/02/06

Testu, musika, hots zein soinu batek, interpretazioa baldintza dezake

Jatorrizko testua: BAKARDADEAREN ELDARNIOAN (I)

"Berak bazekien handik landa ez zituela bi txanpon zoragarri haiek gehiago ikusiko, ez zuela gorputz bihurgunetsu haren goritasuna bere esku loratuetan gehiago sentituko, ez zutela inoiz jada hitz melodiatsu goxoek gehiago goiz-alba zetorrenean iratzarriko. Eta pentsatu zuen, bere buruari atzipe egin nahian bailebil, laster ohituko zela maitearen presentzia ezaren oinazera, bakardadearen isiltasun ilunera. Era berean pentsatu zuen, bere buruari iruzur eginez jarraituz, aurki zituela ahantziak irribarre amaigabe, begirada galdu eta ibilera erritmiko haiek. Baina lehen gau bakartian katu beltz orojakileen auhenak izan zituen adiskide soil bezain tristeak, eta orduantxe konturatu zen, izuaren izuz, bere behatzen ferekak gorputz baten faltan aurkitzen zirela, bere hitz-jarioaren oihartzunak ez zuela bere belarri-xilio zatartuetan baizik durundirik; eta begietako itoginak agortzen ez zitzaizkion goiz-ñabar batean eguzki ihintzatuak sugarren bete zuen bere logelaren osotasuna. Hantxe kixkali ziren, bakardaderik infinituenean, maiteminduaren azken oroimen eta negar malutak."

Beti bezala testu batek interpretazio desberdinak izan ditzake. Irakurketa bakoitzak gauza desberdinak iradoki ditzake irakurlearentzat, hitz bakoitzak esanahi desberdinak baldintzatuz. Hona hemen nire interpretazioa.

Irudiak interpretazioa baldintza dezake

Testua eta irudia lotzerako orduan hau izan da nire aukeraketa eta interpretazio librea. Honetan hitz batzuk izan dira gakoak. Koadroan gizon eta emakume bat ikusten ditugu. Euren harremana ona ez dela dirudi. Ez daude elkarri begira. Maiteminduta egon ziren, jada sentimendu horiek ez dira existitzen ("Kixkali" egin dira testuan dioen bezala). Atzean ikusten dugu emakumearen gorputz bihurgunetsua. Nahiz eta espazio fisiko bera konpartitu, gure bi pertsonaiak bakarrik daude. Eguzkiak argiz betetzen du iluntasunean murgildutako logela.

Gizona pentsatzen dabil, iragan zoriontsu bat gogoratzen agian. Hau izan da haien harremanaren azken eguna. Maitasuna desagertu egin da. Gizonaren ihesbide bakarra "maiteminduaren azken oroimenak" gordetzea izango da, bakardadean.

Musikak esanahia baldintza dezake

Zalantzak izan ditut musika aukeratzerako orduan, koadro eta testua behin uztartuta. Musika aukeratzean bi eszena “tipo” burura etortzen zaizkidalako. Lehenengo aukera musika instrumental dramatiko bat jartzearena da, Beethoven-en Moonlight sonata’ adibidez. Musika hau tristura iradokitzen du, tonu baxuak erabiltzen ditu, geldoa da. Gizonak, emakumea uztearen erabakia hartu du. Erabaki zaila. Abesti hau gizonak benetan hartu nahi ez zuen erabaki baten dramatismoa adieraz dezake. Instrumentala izanik, testua, ahotsa, off-ean jarriko nuke. Gizon baten off ahotsa. Musika eta ahozko testua uztartuz.

Aldiz, bigarren aukera abesti bat jartzearena da, eta honek garrantzi narratibo eta dramatikoa izatea. Jacques Brel frantsesaren ‘Ne me quitte pas’ (‘Ez nazazu utzi’) abestia zehazki. Abesti hau erromantikoa da, erregu bat da. Gizon batek bere emakumeari ez uzteko eskatzen dio. Bigarren aukera bat eskatzen dio. Promesak egiten dizkio, bere iragan zoriontsua gogoratzen dio. Testuak iradoki dezakeen antzera. Testuan gizonak emakumea utzi egin du. Esan bezala, maitasuna desagertu egin zela pentsatzen zuelako. Bere gelan bakarrik dagoen arte, bakardadean iragan horren falta duela ohartzen delako ("Baina lehen gau bakartian katu beltz orojakileen auhenak izan zituen adiskide soil bezain tristeak, eta orduantxe konturatu zen, izuaren izuz, bere behatzen ferekak gorputz baten faltan aurkitzen zirela"). Batek daki, bigarren aukera batentzako lekurik egongo den. Jacques Brel-en  abestiaren letrak zera dio…

Ne me quitte pas. Il faut oublier, tout peut s’oublier, qui s’enfuit déjà, oublier le temps, des malentendus, et le temps perdu, a savoir comment, oublier ces heures, qui tuaient  parfois, a coups de pour quoi, le coeur du bonheur. N eme quitte pas (…)

“Ez nazazu utzi. Ahaztu beharra dago. Dena ahaztu daiteke. Jada alde egin duena. Ez ulertze garaiak. Denbora galdua. Argitzeko. Ordu horiek ahaztu, batzuetan hiltzen zuten ordu horiek, zergatien kolpez, zoriontasunaren bihotzera”.

On a vu souvent, rejaillir le feu, de l’ancien volcan qu’on croyait trop vieux. Il est paraît-il, des terres brûlées, donnat plus de ble’ qu’un meilleur abril, et quand vient le soin, pour qu’un ciel flamboie, le rouge et le noir. Ne s’épousent-ils pas (…)”

“Askotan ikusi egin da, suaren berpiztea. Aintzinako sumendi batena, zaharregi zirudiena. Badira erretako lurrak, apiril on bat baino gari gehiago ematen dutenak. Eta gaua datorrenean, zeru bat sutan egon dadin, gorria eta beltza, ez al dute bat egiten?”

Komentatu genuen testuaren protagonistak, helduak edo adineko pertsonak zirela. Abestia 1959. urtekoa da. Jacques Brel berak bere bikotea utzi ondoren idatzitakoa. Letra esanguratsua du, eta eszenan presente egongo lirateke. Agian irrati batean igorrita. Abesti hau aukeratu dut testuaren egoera ondo adierazten duela pentsatzen dudalako. Aukeraketa honek aurrekoan ez bezala, ez du off ahotsaren beharra eskatzen. Abesti honekin gizonak egindako aukeraz damutu egin dela indartzen da. 

2012/02/02

Scripters, web serie proiektua

Internet ikus entzunezko produktuen kontsumorako euskarri ezinhobea da. Gure transmedia proiektua hori kontuan hartuz jaio zen. Scripters web seriea gidoigintzaren munduan oinarritzen den fikzio soziala izango da. Baskstage ekoiztetxean praktiketan hasi diren bost bekadunen tirabirak erakutsiko dituena. Gure protagonistek euren gatazkak islatuko dituzte bere gidoietan. Telebista gidoigintza oinarri hartuta, formatu eta genero desberdinak landuko dituzte. Bizitzaren tragikomikotasuna landuko duen web seriea izango da, aldi berean gidoilariaren figura aldarrikatuko du ere.


Esan bezala, web serie soziala izango da. Funtsezkoa izango da jendearen parte hartzea, publikoaren iruzkinak. Ikusle edota erabiltzailea gidoilari sentiaraztea bilatzen dugulako. Astero 10-15 minutu bitarteko kapitulu bat emitituko da eta 5 minutuko sketch bi. Kapituluek ildo narratiboa osatuko dute, eta sketchak osagarriak izango dira. Sare sozialetan (Youtube, Facebook, Twitter zein Tuenti-n) jasotako iruzkinek sketchen edukietan eragin zuzena izango dute.

Denok izan gara bekadun, denok dugu istorio bat kontatzeko. Anima zaitez, eta parte hartu! Kontaiguzu zure esperientzia!